Gobierno Vasco

Aurkezpena

 

LUIS EZEIZA HLHI titulartasun publikoko eskola da.

1970-71 ikasturtean jardunean hasi zenean, O.H.O.ko ikasketak ematen ziren, 1995. urtean Hezkuntza sistemaren aldaketaren ondorioz Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola bezala gelditu zelarik.

Lerro bateko ikastetxea da. Haur Hezkuntza (lehen zikloko 2. mailatik hasita) eta Lehen Hezkuntza ematen ditu.

D hizkuntza-ereduan ematen ditu eskolak, hau da, bai irakasteko bai komunikatzeko euskara erabiltzen du hizkuntza nagusitzat. 

 

Egun, hiru eraikin ditu. Bi Eskoriatzako hirigunean kokatuta daude, batetik bestera 200 metro daudela. Batean Haur Hezkuntza eta bestean Lehen Hezkuntza ematen da. Hirugarrena Leintz Gatzagan dago 2000. urtetik eta Haur Hezkuntzako ikasgela unitarioa du.

LUIS EZEIZA HLHIk ikastetxean hornikuntzaz gain, herriko zerbitzuetaz baliatzen da: polikiroldegia, frontoia, liburutegia eta abar.

Luis Ezeiza HLHIn ikasleak jakin-mina eta ikasteko gogoa duten pertsonak direla hartzen dugu kontuan. Manipulatu, sortu eta alderatzen duten pertsonak dira, harremanak dituztenak. Hipotesiak formulatzen dituzten haurrak, horiek egiaztatu eta ondorioak ateratzen dituztenak. Behatzaileak, ikusmin handikoak eta kritikoak, esanahiak bilatu eta eraikitzen dituztenak. Ekintzaileak, arriskuak bereganatzeko gai direnak, arazoen eta erronken aurrean hausnarketa, irudimena eta lankidetza erabiltzen dutenak. Aukeratu eta aurkitzeko gai diren haurrak, ideiak eman eta adierazteko gaitasuna dutenak. Ikasiz gozatzen dutenak. Pertsonak eta ingurunea errespetatzen dituztenak.

LUIS EZEIZA HLHI honelako eskola da

  • Laikoa eta Pluralista: Ez-konfesionala den aldetik, herritar, erlijio, kultura eta ideologia guztiak errespetatzen ditu.
  • Inklusiboa: Aniztasuna kontuan hartzen du hezkuntzaren etapa guztietan eta ikasleria osoari begira, ez gutxi batzuen beharrei aurre egiteko.
  • Euskalduna: Bakoitzaren jatorria eta ohiturak errespetatuz, euskal kultura ezagutarazten du eta euskararen normalizazioa bultzatzen du ikastetxearen eremu guztietan.
  • Demokratikoa: funtzionamenduari dagokionez, eskola-komunitatearen estamentu guztien partaidetza ahalbideratu eta sustatzen du.
  • Baterako hezkuntza eskaintzen duena: pertsonen arteko berdintasunezko eta orekazko harremanak sustatzen ditu.
  • Berritzailea: berrikuntza pedagogikoaren aldeko mugimenduekin konprometitua.
  • Autonomoa: bere errealitatetik abiatuta bere hezkuntza proiektu propioa darama aurrera.
  • Osoko hezkuntzaren bultzatzailea: pertsonaren garapen osoa ardatz duen hezkuntza bultzatzen du, hau da, pertsonaren garapena bost mailatan: soziala, fisikoa, mentala, afektiboa eta nortasun pertsonalari dagokiona. Ikasleak, euren interes eta motibazioarekin, edozein azterketa egiteko edo erabakiak hartzeko irizpide dira. Eskolari dagokio bere jarduerak interes horiekin bat etortzea.
  • Ingurumenarekiko errespetutsua eta garapen iraunkorrean inplikatua.
  • Herriari eta bertako erakundeei lotua.
© Luis Ezeiza HLHI
Telefonoa: 943714938 | Fax: 943714938 | eskola@luisezeiza.eus