Metodologia

Metodologiaren oinarria konstruktibismoa izango da. Horren arabera, ikasleak bere ikasketak eraikitzen ditu. Bide horretan, pentsatu, ikertu, behatu, sailkatu eta bere lana antolatu eta ekoitzi behar du ikasleak.

 

Ikaslea ez da bakarrik ariko bere lana eraikitzeko zeregin horretan. Irakasleak izango ditu gidari eta laguntzaile. Irakasleek tresna eta baliabide guztiak (ereduak, liburuak, entziklopediak, ordenagailuak, Interneteko helbideak, irteerak, egunkariak, aldizkariak, adituen hitzaldiak…) jarriko dituzte ikasleen esku, horiek beren lana aurrera eramateko eta ezagutza aberasteko.

 

Horrez gain, ikasleengan ingurunea eta harekiko interakzioak ezagutzeko jakin-mina sortzea ere irakasleen ardura izango da. Izan ere, jakiteko motibazioa eta interesa pizteko abiapuntua da hori, ikaskuntza esanguratsuak ikasleen interesak eta kezkak aintzat edo oinarritzat hartzen baititu.

 

Orobat, irakasleek ikasleen segurtasun fisikoa eta emozionala zainduko dute, haien portaera eta bizipenak begiratuz eta kontuan hartuz. Hain zuzen, haien emozioak identifikatzen, adierazten eta kontrolatzen eta gainerakoenak ulertzen lagunduko diete.

 Zeregin horiek guztiak aurrera eramateko, irakasleek honela jokatu behar dute:

  • Harkorrak izan eta haur bakoitzari hazkunde pertsonaleko prozesuan laguntzeko prest egon behar dute. Haurrek gauzak beren kabuz egiten ikasi arte itxaroten, eragiten eta denbora eskaintzen jakin behar dute.
  • Haien boterea murriztu eta, ideiak inposatu beharrean, ikasleei trebetasunak eta ezagutzak handitzeko bitartekoak eman behar dizkiete.
  • Haurren ekintzak abiapuntu hartuta eta errespetatuta, proposamen esanguratsuak itzuli eta erronkak eragin behar dizkie.
  • Ekimenak hartu, beren lanean interesatuta azaldu eta gainerako irakasleekin talde-lanean jardun behar dute. Hitz gutxitan, ikertzailea izan behar dute:
    • Haurren beharrak antzemateko eta ezagutzeko.
    • Pentsamendua bultzatzen duen esparru sozial eta materiala sortzeko.
    • Haur bakoitzari bere pentsaera garatzen laguntzeko.
    • Pentsaera eta jokaera ezberdinak ezagutzeko.
    • Ideia-trukaketa bultzatzeko.
    • Arrazoitze-prozesuetan eragina izateko.
    • Haurrei beren kabuz erabakiak hartzen laguntzeko.
    • Ikuspegi ezberdinak kontutan hartuta, balio eta jokabide-arauen eraikuntza bultzatzeko.